Zurgintzatik automozio eta aeronautikara: Zubiola

Zurgintzatik automozio eta aeronautikara: Zubiola

Ebaketarako tresnen fabrikazio eta hornikuntzan espezializatutako enpresa gipuzkoarrak BDIH Konexio programaren laguntza jaso du.

Zubiola enpresa gipuzkoarrak joan den hamarkadako krisi ekonomikoa aprobetxatu zuen bere negozioa dibertsifikatzeko; zurgintzaren eta eraikuntzaren sektoreetan zentratuta egotetik beste arlo batzuetara zabaldu zuen bere jarduera, hala nola aeronautika eta automoziora. Ebaketarako tresna bereziak fabrikatzen dituen Azkoitiko konpainia honek SPRI Taldearenlaguntza jaso du BDIH Konexio programaren bitartez, zeinarekin Basque Digital Innovation Hub-ek ETEen eskura jartzen baitu fabrikazio aurreratuko aktibo eta zerbitzuen sare konektatu bat prestakuntzarako, ikerketarako, testak egiteko eta baliozkotze prozesuetarako.

Zubiola enpresak ebaketa-tresnak fabrikatzen eta hornitzen ditu txirbil erauzketa bidezko mekanizaturako, batik bat burdina ez diren metalekin eta konposatuekin, zurarekin nahiz haren eratorriekin erabiltzeko. Kalitate handiagoa ematen dioten bi material erabiltzen ditu: PCDa (diamante polikristalinoa), metala baino eraginkorragoa dena burdinazkoak ez diren materialetarako; eta PCBN (boro nitruro polikristalinoa), burdinazko materialetarako.

BDIH Konexio programaren laguntzarekin, konpainiak ikerlan bat egin du altzairuak mekanizatzeko PCBNzko tresnetarako ebaketa-geometriak, zorrozte motak eta txirbil apurtzaileak aztertzeko. “Azterketak eta lehen probak egiten ari gara bezeroari konponbide desberdinak eskaini ahal izateko” dio Oihan Aizpuruk.  Helburua da otxabuak, barautsak eta fresagailuak fabrikatzea automoziorako eta aeronautikarako, “sektore horietan altzairua mekanizatzen dutelako. IK4-Tekniker zentroaren laguntza izan dugu, zeinak arlo teknologikorako aholkularitza eman baitigu”.

Enpresak hainbat erronka ditu, eta horietako bat da gehiago nazioartekotzea (gaur egun negozioaren % 38 atzerrira bideratzen da).  Zubiola 2030erako plan estrategikoa egiten ari da. “Asmoa da prest izatea urtearen amaierarako”.


Enpresaren bilakaera 55 urteko ibilbidean

Konpainiak 55 urte ditu. Azpeitian sortu zen 1966an, zura prozesatzeko makinak fabrikatzen zituzten bi bazkideren eskutik. Handik urte batzuetara, makinez gain tresnak egiten ere hasi ziren, eta 1985ean erabaki zuten tresnetan zentratzea.

Enpresaren bilakaerako hurrengo jauzia 2000. urtean iritsi zen, zurgintzaren sektorerako PCDzko tresnak fabrikatzen hastean. “2005ean automozio eta aeronautika sektoreetarako tresnak egiteari ekin genion, produktua dibertsifikatzeko” dio Oihan Aizpuruk, Zubiolako zerbitzu teknologikoko arduradunak. Eta 2007an Azkoitiko instalazioetara eraman zuten enpresa.

Konpainiak hainbat motatako tresnak egiten ditu: zura ebakitzeko tresnak, automozio eta aeronautika sektorerako piezak mekanizatzeko mota guztietako erremintak, “one-shot” tresnak, kainoi barautsak eta abeilanatzaileak hegazkinen fuselaje eta egituretarako, etab. Sektore hauetarako lan egiten du batik bat: automozioa, aeronautika, zurgintza eta bere eratorriak, eta industria orokorrean.

Gehienbat zurgintzaren mundura zuzenduta zeuden lehen urteetako tresna haiek (zerrak, barautsak…) sektore berrietarantz eboluzionatu dute. “2008ko krisiak bultzatu gintuen erabaki hura hartzera. Ordura arte, gure merkatuaren % 80 zurgintzaren sektorean zegoen, eta gainerako % 20a aeronautikan eta automozioan. Orain, berriz, merkatuaren % 40 zuraren sektorean daukagu, beste % 40 automozioan eta gainerako % 10a aeronautikan”.

Oihan Aizpuru Zubiola