Minbizia, bere alderdi guztietan, gure bizitzaren zati bat zorigaiztoko bihurtzen duen gaixotasun gogor bat da. Nori ez dio eragin zuzenean edo zeharka?
Nergroup-ek, Gizartearekiko bere Proposamenean eta Konpromisoan, minbizia pairatzen duten pertsonen eta senideen bizitza hobetzeko, bai eta haien errealitateak ikusarazteko ere, ikerketa handiagoa eta prebentzio hobea lortzeko hainbat ekintza jarri ditu abian.
Azken urteotan aurrerapen handiak egin badira ere, minbiziak planetako arazo soziosanitario garrantzitsuena izaten jarraitzen du, eta alderdi hori berresten duten datuak suntsitzaileak dira: 10 milioi pertsona hiltzen dira urtero gaixotasun honen ondorioz, hiru emakumetik bat eta bi gizonetik bat minbizia izango dugu gure bizitzan zehar.
Minbiziaren aurkako Gipuzkoako eta Bizkaiko elkarteekin koordinatuta, erakunde hauen lana errazteko boluntariotza-ekintza berriak abiarazi ditugu; izan ere, modu guztiz altruistan egiten duten lan handirako, finantzaketa publikoak ozta-ozta lortzen du beraien kostu ekonomikoen % 5era iristea. Nergroupeko kide garen erakundeok gure ateak ireki ditugu informazioa, dibulgazioa eta prebentzioa lan-adinean eta osotasunean dauden pertsona guztiengana bideratzeko.
Bestalde, boluntariotza behar duten elkarte horien jardueretan laguntzen hasi gara; ibilaldi osasungarrietan lagunduko diegu tratamenduan eta/edo sendatzen ari diren pertsonei, senideei laguntza emango diegu, komunikazio-sareak zabaltzen saiatuko gara, etab. Beste gaixotasun krudel batzuk gainjarriz COVID-19k osasun-arloko ia arreta guztia bereganatzen du eta horregatik, beharrezkoa ikusten dugu gure begiradak gainerako zailtasunetara zabaltzea eta, aldi berean, Minbizia guztion borroka dela aldarrikatzea eta gogoraraztea.
