Geure AMA HIZKUNTZA, lehen hizkuntza baino gahiago

Geure AMA HIZKUNTZA, lehen hizkuntza baino gahiago

Igande honetan, otsailaren 21ean, ama hizkuntzaren eguna ospatuko da. Izenak adierazi bezala, gehienbat amagandik ikasten dugun hizkuntza da, geure bizitzaren lehenengo urteetan gurekin gehien egoten den pertsona baita. Ama hizkuntzarekin hasten gara mundua ezagutzen, eta bizi garen inguruan mintzatzen bada, bizian zehar gurekin izango dugun hizkuntza da.

Tamalez, hizkuntza guztiek ez dute estatus bera, ezta mintzatuak diren tokietan ere. Hizkuntza bakoitzari ematen zaion botereak eragin zuzena du mintzatzerakoan aukeratuko dugun hizkuntzan. Ondorioz, geure ama hizkuntza alboratu eta hizkuntza boteretsuago edo erabiliago bat erabiliko dugu.

Alabaina, ama hizkuntza ez da soilik ikasten dugun lehenengo hizkuntza; aitzitik, hizkuntza honen bidez ikasi egiten dugu. Ikaspen hau edozein kontzeptu adierazteko erabiltzen dugun kodeaz harago doa. Lexikoak, egitura gramatikal eta sintaktikoak, tonuak, azentuak eta beste hainbat hizkuntza-ezaugarrik osatzen dute gure inguruko gauza oro antzemateko moduan, geure nortasuna hizkuntzaren inguruan eratzen dugula. Gure ama hizkuntza gure inguruan mintzatu ohi den hizkuntza baldin bada, nortasun hau gure solaskideekin partekatzen dugu.

Ondorioz, ama hizkuntzak gainontzeko hiztunekin batera nortasun kolektiboa, mundua ikuskatzeko eta honi esanahia emateko modua mantentzea ahalbidetzen digu. Hala garatu izan dira munduan zeharreko hainbeste kultura, hiztun bakoitzaren pentsamendua haren ama hizkuntzaren bidez garatzen baita. Ama hizkuntza belaunaldiz belaunaldi transmititzean, hiztunari haren hizkuntza-komunitateak denboran zehar izan duen munduarekiko ikuspuntua lagatzen zaio.

Honenbestez, gure ama hizkuntzak kultura-ondare bat eskaintzen digu, beste edozein hizkuntzarena bezain garrantzitsua. Hala ere, hizkuntzen arteko ukipena saihestezina denez, mundua interpretatzeko modu ezberdinek topo egiten dute. Hortaz, hiztun eta hizkuntza-komunitate bakoitzaren betebeharra da ukipenean dauden hizkuntzen arteko elkarbizitza bermatzea. Gure ama hizkuntzaz bestelako hizkuntzak ezagutzeak gure izaera aberasten du, beste komunitate batzuei ulertzea eta haiengandik ikastea ahalbidetzen digulako. Baina banan-bana nahiz herri gisa garenak izatera eraman gaituen nortasunaren transmisio-katea apurtzerik nahi ez badugu, ez dugu ahaztu behar jaso dugun eta geure ondorengoei laga behar diegun hizkuntza-ondarea.

Hizkuntza-aniztasuna, kultura-aniztasuna, kulturen arteko komunikazioa eta hauen erabateko adierazpen-eskubidea defenda ditzagun, gaur bezala urteko gainerako egun guztietan ere.

Egilea: Mikel Sebasten Manso
Hizkuntzalaria. Herrien Europa Institutua. Euskal Fundazioa.
www.InstitutoEuropaDeLosPueblos.org

Euskal familia Ángel Garavilla
Compártelo en tus Redes - Partekatu zure sareetan!